2018(e)ko azaroaren 27(a), asteartea

BULBOAK



Ikerketarako daukagun gunean material ezberdinekin esperimentatzeko aukera izaten dute haurrek. Mahai horretan izan ditugu jolas-orduan bildutako makilatxoak, gaztainak, urrak eta hostoak, Zalgon jasotako patatak, txirlak, usaindun belarrak, familia batek ekarritako ekilorea pipa eta guzti... hainbat eta hainbat material haurren eskura. Eta materialarekin ikerketak egiteko lupak, balantza, metroak...


Egun batez, material horren artean bulbo batzuk ipini genituen. Haur batzuei kipula zela iruditu arren, bulboa zela adierazi zitzaien eta bertatik lore polit bat irten zitekeela. Beraz, bertan zeuden bulboak landatu nahi izan zituzten haurrek.      


Bulbo asko geneukanez, lana banatu genuen egun ezberdinetarako. Horrela, egun bakoitzean jende ezberdinak lanak egiteko aukera izateko.

Lehengo lurra prestatu genuen, ondoren bulboak lurrean sartu eta ureztatu. Hona hemen prozesuko une ezberdinak argazkitan: BULBOAK









2018(e)ko azaroaren 6(a), asteartea

ESPAZIOAREN ERALDAKETA


Aramaioko haur hezkuntzakoak egitasmo berri batean parte hartzen ari gara. Berritzegunekoen laguntzaz metodologia aldatzeko urratsak ematen dihardugu. Horretarako espazio berriak sortu ditugu eta geletako ateak kendu. Horrela, haurra izango da nora joan nahi duen erabakitzen duena. Espazioa aldatzeko Berritzeguneko adituen laguntza izan genuen. Eta gainera, egun hartan ateratako argazkiekin, bideo polit bat prestatu digute. 


2018(e)ko urriaren 24(a), asteazkena

ZALGOKO PATATA

Aurreko ikasturtean, Zalgoko lurretan patata erein zuten eskolako txikienek. Eta ereindako uzta jasotzera irteera egin genuen irailean. Pedro eta Keparen laguntzaz Zalgoko patata eskolara ekartzeko aukera izan genuen.

Irteera polita izan zen, bazkalostean eskolatik irten eta oinez igo ginen patata ateratzera. Bidean Aramaioko paisaiaz disfrutatu genuen, baserrietako txakurrekin beldurtu ziren batzuek eta jolastu besteak, aldapan gora kostata igo ziren batzuek eta korrika besteak. Egia esan eguzkiak jotzen zuen eta gustura hartu genuen Mirentxuk eskainitako sagar zukua eta ura.













Hasieran, arearekin jolasten entretenitu ginen, baina Keparen atzetik patata landatutako eremura joan ginen berak esan orduko. Bertan, Kepak, uzta jasotzeko arauak gogorarazi zizkigun; eta lanari ekin genion. Eskuak zikintzea zen kontua eta ahal zen patata gehien ateratzea. Batzuek aspertu ziren eta ospa egin zuten berriro arearekin jolastera, beste batzuek ordea burubelarri jarraitu zuten lanean. Azkenean uzta oparoa jaso arte.


















Zalgon jasotako uztarekin lan ezberdinak egin ahal izan ditugu. Eskolako txikienak artista hutsak dira sukaldean eta errezeta ezberdinak egin ditugu. Patata era ezberdinetan probatzeko aukera izan dugu, labean erreta, frijituta, patata tortila...

Guzti hau laburbiltzeko, bideo txiki bat prestatu dugu. Espero dugu zuen gustokoa izatea!



4 urtekoak





Proiekturako ekarritako liburuak
Aurrekoan aipatu genuen 4 urteko ikasleak ETXEA izeneko proiektuarekin lanean hasi zirela. Horretarako familien parte hartzea ezinbestekoa izan da. Etxe bakoitzetik ahal izan dutena ekarri dute, eta horrela, denon artean ikastean ari gara. Hasteko, haur batzuek beraien etxeko argazkiak ekarri dituzte. Eta azaldu digute beraien etxea nolakoa den barrutik eta kanpotik. Kontau dugu zenbat komun eta logela dauzkaten etxean, igogailurik duten edo ez, baserrian bizi diren edo kalean... Bestalde, liburuak ere ekarri dituzte kontsultarako edo jolasteko; etxeko liburuak nahiz liburutegikoak ekarri dituzte, informazio ugari atera dugu horietatik ere. Eta beti geneuzkan eskura, uneoro kontsultatzeko.





Ikasleetako batek azaldu zigun, berak bi etxe dauzkala. Bat hemen Aramaion dagoela beti eta bestea nahi dute lekura eramaten dutela. Horrela ikasi genuen autokarabana bat zer den, eta baita ere, mugi daitezkeen etxeak daudela. Orduan, kanpin denda bat muntatzen eta desmuntatzen ere ikasi genuen. Egia esan batzuek aurretik ere eginda zuten lan hori eta denok batera barrura sartzea izan zen dibertigarriena. Ez duzuela sinisten? Ikusi irudiak orduan!


Gela barruan ezin da lurrera sartu kanpin denda
Txandaka lanean kanpin denda ongi katiatu arte.

Sartu gara gure etxe mugikorrera.


2018(e)ko urriaren 15(a), astelehena

ETXEA proiektua



4 urteko gelakoak hasi dira proiektuka ikasten. Gelako guztien artean aukeratu zuten proiektuaren gai nagusia. Proposamenak bota zituzten eta gehien gustatzu zitzaien gaia ETXEA izan zen.
Hasi gara beraz gaia lantzen, liburu eta argazkiak ekarri dituzte gelara Marrazkiak ere margotu ditugu. Eta jolas kanta bat ere egin dugu, etxetxo batena. Hau da erabili dugun kanta-jolasa.




Espero dugu zuen gustokoa izatea!

2018(e)ko irailaren 27(a), osteguna

ONGI ETORRI 2018-2019!

2018-2019 IKASTURTEARI ONGI ETORRIA!


Iritsi da jada 2018 iraila, amaitu dira udako oporrak eta berriro ere eskolara itzuli gara.
Egun batzuk pasa dira ikasturtea hasi genuenetik eta gure bloga ere martxan jartzeko
unea iritsi da.
Ikasturte hasiera batzuetan aldapatsua izaten da, berriro ere errutinan sartu arte. Espero
dugu hala ere, bidean aurrera egin ahala gero eta errazago aurrera egitea.
Badakizue, edozein zalantza, galdera, proposamen… entzuteko prest
gaudela aurtengoan ere. Nahi duzuenean hurbildu guregana edo utzi hemen
zuen erantzuna.

Animo guztioi!